• Post category:Jarduerak

Hirian, 70eko hamarkadaz geroztik, ez da era honetako herri-jaierarik ospatzen.

Donostiako emakume eta gizon talde batek, hilabeteak daramatza 2026ko Aste Santuan egingo den prozesioa antolatzen. Ospakizun erlijioso honen falta sumatzen zuten, auzo, adin eta gizarte-eremu desberdinetako pertsonek osatzen dute taldea.

“Gaur egun, Gipuzkoako herri batzuetan prozesioak egiten dira, eta Donostian ere ospatzen ziren duela hamarkada batzuk” –diote ekimenaren sustatzaileek–. “Horregatik, elkartzea erabaki genuen, eta, berriro ere, hemen, martxan jartzeko aukera aztertzen hasi ginen”.

Gipuzkoako herri guztietan bezala, mendeetan zehar, Aste Santuko prozesioak antolatu ziren Donostian; XVI. mendean jada, prozesio bat ospatzen zen hiriko Alde Zaharreko kaleetatik barrena.

Hiriaren zabalgunea egitean, eta bertan, Artzain Onaren parrokia eraikitzean, 1927an, Gure Aita Nazareteko Jesus izeneko kofradia sortu zen. Denborak eta gizarte-aldaketek aurrera egin ahala, hirian prozesioak ospatzeari utzi zitzaion 70eko hamarkadan.

Hainbat pertsonak osatutako batzorde antolatzailearen ustez, “egungo sekularizazioaren baitan, berriro ere, herri-erlijiotasunarekiko jakinmina piztu da gure gizartean”.

Erakundearen lehen urratsa, Artzain Onako parrokoarekin harremanetan jartzea izan zen; honek, bero hartu zuen ekimena, eta laikoez osaturiko taldeari, Kofradia berriz eratzeko erraztasun guztiak eman zizkion. Are gehiago, prozesioaren eguna, jada, zehaztua dago. Ostiral Santuan, apirilaren 3an, katedraletik abiatuko da (20:30ean).

Prozesio zaharreko ia ondare artistiko guztia galdu zen arren, aurtengo prozesioan, Nazareteko Jesusen, Kristo etzanaren, eta Bakardadearen Ama Birjinaren irudiak ikusi ahal izango dira Donostiako kaleetan zehar.

Joan den igandean eman zen ezagutzera prozesioa berreskuratzearen albistea; meza guztietan jakinarazteaz gain, informazio-liburuxka bat banatu zen. “Ehun izen-emate baino gehiago jaso ditugu dagoeneko”, adierazi dute antolatzaileek. Bide batez, bere fede-testigantza eman nahi duten donostiar guztiak parte hartzera gonbidatzen dituzte.

“Aste gutxi geratzen dira prozesiorako, eta lan asko dugu aurretik. Nazareteko Jesusen Kofradian izena ematera animatzen dugu jendea, pauso bat edo kandela bat eramanez ateratzeko, edota kofradiako kide egiteko”.

Otsailaren 20an batzar bat egingo da zeregin ezberdinak banatzeko. Interesa duen pertsona oro, gonbidatua dago izena ematera katedraleko webgunean catedraldelbuenpastor.org eskuragarri dagoen inprimakian, edota katedraleko sakristiara hurbilduz.