• Post category:Jarduerak

Donostiako irudi gurduaren ezohiko bisitaren iragarpena igande honetan egin da, Igaratzako erromeria tradizionalean, Aralarko mendilerroan.

Abuztuko bigarren igandero bezala, abuztuaren 9an Igaratzako erromeria egin da Aralar mendilerroan, eta San Migelen irudia San Migel in Excelsis santutegitik igaro da.

Erromeria hau goiaingeruaren irudiak Gipuzkoako lurraldera urtero egiten duen bisita bakarra da. Uda sasoian, irudiak mendiko hainbat puntu eta Nafarroako hainbat herri zeharkatzen ditu, herri eta erlijio sustrai sakonak dituen tradizio sekularra bizirik mantenduz.

Igande honetako eguna eguraldi onarekin eta giro paregabearekin ospatu da, eta Igaratzan fededun eta elizkoi ugari bildu dira, horietako asko inguruko herri gipuzkoarretatik etorriak. Erromeriaren une nagusia Meza Santuaren ospakizuna izan da ermitan, Santutegiko kaperaua buru zela.

Ospakizunaren amaieran, jakitera eman da Aralarko San Migelek ezohiko bisita egingo duela Donostiara urriaren 10ean. Bertaratutakoek txalo bero batekin hartu dute iragarpena, goiaingeruak Aralar mendilerroaren bi aldeetan gordetzen duen debozio sakonaren adierazgarri.

San Migel Donostiara iritsi aurretik, prestakuntza-jardueren programa bat egingo da, laster ezagutaraziko dena eta Gipuzkoako San Migel Arkanjeluaren debozio historiko eta garrantzitsua nabarmentzeko balioko duena.

Horrela, urriaren 10eko bisita aukera aparta izango da gure inguruko erlijio-irudirik gurtu eta enblematikoenetako bat Gipuzkoako hiriburura hurbiltzeko, mendeetatik Nafarroa eta Gipuzkoako historiarekin, espiritualtasunarekin eta tradizioekin lotura estua duena.